Skip to main content

Bazen behin...

Istorioan bi eremu edo egoera nagusi elkartzen dira. Alde batetik, Lezoko herria: txiroa, gosete handia jasaten ari dena, baina ihauterietarako prest dagoena; eta bestetik, Jaizkibel mendia: bertan hasten da nolabait istorioa.

Jaizkibel mendian bizi dira Marinazkane sorgina eta zirikuak; baita Trapujale ere.

Marinazkane sorginak dohai bat du: ekaitzak eta enbatak aurreikus ditzazke. Dohai hau aprobetxatuz, ekaitza edo enbata hautematen dituenean zirikuak artzainak abisatzera bidaltzen ditu, hauek beraien artaldeak salbu jartzeko aukera izan dezaten.

Testuinguru honetan, artzainek eta sorginak itun bat egina dute: sorginak abisatuko die, baina horren truke artzainek zazpi ardi eman beharko diote urte amaieran, ordain moduan.

Eta hala izan zen urte mordoan.

Marinazkane sorgina eta zirikuak Jaizkibelgo gailurrean
Marinazkane sorgina eta zirikuak Jaizkibelgo gailurrean

Baina… urte batean ez zen ekaitzik izan eta artzainek, Marinazkanek ez zuela lanik egin ulertuz, zerga ez ordaintzea erabaki zuten. Hau jakitean, Marinazkane biziki haserretu zen eta mendekua aldarrikatu zuen. Garai haietan Lezon ihauteriak ospatzen ari ziren eta bazekien Trapujale, herritarrek hainbeste maite zuten pertsonaia, herrira jaitsi zela. Honela, Marinazkanek zirikuei zazpi ardi lapurtu eta akatzeko agindua eman zien. Ondoren, ardiak jan eta bizkarrean haien larruak harturik herrira jaitsi ziren ihauterietara.

Zirikuak Jaizkibelen, akatutako ardiak eramaten
Zirikuak Jaizkibelen, akatutako ardiak eramaten

Herrian zeuden artzainek larru berriak ikusi orduko beraien ardiarenak zirela ohartu ziren, zeuzkaten kolore eta orbanengatik, baina sorginaren beldurrez ez zuten ezer esan.

Zirikuek, Marinazkaren aginduak jarraituz, Trapujalek ardiak lapurtu eta akatu zituela zabaltzen hasi ziren herrian; beraiek ikusi zutela, alegia, lekukoak izan zirela. Berehala zabaldu zen zurrumurrua. Herritarrek ez zuten istorio hori sinesten, baina zirikuek mesfidantza sortzea lortu zutenez epaiketa baten beharra ikusi zen.

Asteartean epaiketa egin zen: alde batetik, zirikuak agertu ziren (Marinazkane bere Jaizkibelgo txokoan geratu zen) eta bestetik, herriaren izenean, Trapujaleren defendatzailea.

Epaiketan lekuko zuzen bakarrak zirikuak izanik, epaileak Trapujale erruduntzat jo zuen herritarren haserrearen aurrean. Epaileak herio-bidaia egin ondoren, burua moztu eta sutan erretzera zigortu zuen Trapujale; eta hala egin zen.

Zirikuek harro oihukatu eta dantzatu zuten suaren inguruan.

Halako batean ahots bat entzun zen:

Trapujale maiteok, ez gehiago negarrik egin. Burua moztu didate baina… ni oraindik bizi naiz. Ez ahaztu trapujaleen izpiritua naizela; inork inoiz akabatuko ez duen izpiritua. Alaitu, beraz, zuen aurpegiak; abestu eta dantzatu ihauterietako azken egun honetan; ni datorren urtean berriro itzuliko bainaiz. Hor plazan duzuen Trapujaleren gorputzetik txorizoa eta ardoa aterako dira. Jan eta edan ezazue nahi adina, badago eta! Agur, trapujaleak! Datorren urtera arte! Ondo izan, lagunak!

Lezoarrek hala egin zuten, Trapujalek emandako “berri ona” ospatzeko eta ihauteriei amaiera emateko.