Skip to main content

Orain da urte batzuk...

80ko hamarkadan Lezon bizitzea ez zen batere erraza. Arazo mordoa zegoen: krisi ekonomikoa, droga, gatazka politikoa, gazteriarentzat azpiegitura eta ekintza falta...

Honen aurrean, eta irtenbide bat emateko asmoarekin, gazteek talde desberdinak sortzen hasi ziren: batzuk jatorri politikoarekin, beste batzuk ekologi arloan, eliza inguruan…

Eliza inguruan Ekaitz taldea sortzen da 1982an, umeak aisialdian hezitzeko helburuarekin: izpiritu kritikoa, autonomia, giza baloreak eta sormena lantzen zuten. Bere egitarauaren barruan ihauteriak zeuden. Nahiz eta hasiera batean, barruko ekintza bat bezela egin, berehala kanpora ateratzea proposatu zuten haurrek. Honela, 1985an herriko elkarte desberdinetara zuzendu zuten deialdia, eta bertara Allerru Elkartea, Ixkulin Elkartea, Takili Takulu fanfarrea, Txerrimuño eta Guraso Elkartea azaldu ziren. Ihauteri xume bat aurrera eramateko erabakia hartzen da: desfile bat eta sardinaren hileta, eta ezer gutxi gehiago. Ondoren, gutun baten bidez, hau guztia azaldu zitzaion Lezoko Udalari, bide batez, ihauterien antolaketa bere ardurapean hartzea eskatuz. Udalak ezer erantzun ez bazuen ere, ihauteriak aurrera eraman ziren herriko taldeen eskutik.

Lezoko Udala eta herriko talde gehientsuenen arteko harremanak ez zeuden bere garai onenean eta 1986ko herriko jaietan haustura eman zen. Ondorioz, herriko elkarteek jai alternatibo batzuk antolatzea erabaki zuten. Lezoko 20 taldetik gora parte hartu zuen antolakuntza taldean eta koordinadora baten antzera hasi ziren lanean. Elkarteen arteko elkarlana eta lankidetza errealitate bihurtu zen eta indartsu mantenduko da hurrengo urteetan. Hau kalean somatzen zen, eta honen adierazle nagusienetako bat Lezoko ihauteriaren sorrera izan zen.

1987an Ekaitzekoek, bere ihauteritako desfilean erraldoi bat atera zutgen: zaldi kaskezurra, konkorra… Orduan ez zioten izenik jarri, baina gaurko Trapujale denaren hazia izan zen. 1988an Trapujale pertsonaia asmatu zen, desfilean parte hatzeaz gain buru mozketaren errituala asmatu zen. Herrian harrera bikaina izan ondoren, Lezoko Udaleko Kultur batzordera eraman zuten bertakoekin elkarlanean ekimena borobiltzeko asmoz. Kultur batzordeak ihauteriari bultzada bat ematea erabaki zuen eta, horretarako, hainbat elkarte biltzen hasi ziren Joseba Aurkenerena kultur zinegotzi zelarik: Allerru Elkartea, Tiñelu Elkartea, Dantza taldea, Txistulari taldea, Musika Eskola, Txerrimuño, Amnistiaren aldeko batzordea, Lezoko zinekluba, Katekesia, Eskolako guraso elkartea, Ekaitz atseden taldea.

Hasi orduko, ideia batzuk argi zeuden: ez zegoen Lezoko ihauteria berreskuratu beharrik, ez bait zegoen ezer herritarren oroimenean, ezta idatzita ere; zerbait egitekotan, sortu egin behar zen. Gainera, ez zen ihauteri inportatua nahi, eta nekazal ihauteria egin nahi zen. Beraz, Ekaitzek buruturiko ekimena egokitzat hartu zen, eta honen inguruan hasi ziren lanean. Sei edo zazpi bilera egin ondoren, han ateratako izenak, musikak, dantza moldaketak, etab. hurrengo urterako prestatzen hasi ziren. Hazia jarrita zegoen eta 1989an fruitua eman zuen. Urte honetan hasi zen gaur egun ezagutzen dugun Lezoko ihauteria.